Landaketak
2020-10-05Eratu da Tantai Baso Jabe Kooperatiba
2023-03-09Basogintza jasangarria
Zentzu kooperatiboa antolaketa ereduak berak ematen dio. Izan ere, kooperatibako kide izango diren jabe guztien lurrak modu bateratuan kudeatuko dira, jabetza bakarrekoak bailiran. Bazkide bakoitzaren ekarpena, bere lurren azaleraren eta ezaugarrien edo egiten duen ekarpen ekonomikoaren araberakoa izango da.
Kooperatibak lortutako irabazi ekonomikoak bazkide guztien artean banatuko dira, eta bakoitzak jasoko duen mozkina, hark egindako ekarpenarekiko proportzionala izango da.
Bestalde, zentzu jasangarria kudeaketa ereduak emango dio. Izan ere, egungo basogintza eredu intentsiboa atzean utziz, basoen egokitzapen gaitasuna eta konplexutasuna bermatuko dituen irizpideak jarraituko dira:
- Bertako espezie eta baso egiturak.
- Espezie, adin eta egitura aniztasuna
- Bakantze bidezko mozketak, eskuhartze bortitzak saihestuz.
Izan ere, aldaketen aurrean, zerbitzuak modu erresilientean ematen dituzten basoak nahi baditugu, izan aldaketa klimatikoarekiko, edo izan bestelako edozein aldaketa edo erronkarekiko ere, egokitzeko gaitasuna duten basoak behar ditugu. Zentzu honetan, zientziak aspaldi erakutsi digu, egonkortasun hori bermatzen duten basoak bertako espezieez osatutako baso mistoak direla.
Bestalde, arraseko mozketak eragiten dituen biodibertsitate galera eta errenta epe luzeegiak ekiditeko, bakantze bidezko mozketak egingo dira. Mozketa eredu honen bidez, basoek beti izango dute zuhaitz estaldura eta berezko dituen ekosistema zerbitzu guztiak bermatu ahal izango dira, ezinbestekoa baita kontuan hartzea, basoek zura eta egurra ez diren beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituztela. Zerbitzu hauen adibide dira, besteak beste, uraren zikloaren erregulazioa, karbono metaketa, perretxikoen uzta, aisialdia edota klima aldaketari aurre egiteko egokitzapen ahalmena. Tantai Baso Jabe Kooperatibara bildutako lurren ekarpena ebaluatzerakoan, haiek bermatutako ekosistema zerbitzuak hartuko dira kontuan.
Proiektuaren garapenaren berri emango dugu bai gure gunean bai eta Debagoiena 2030 sarearen atarian ere. Informazio gehiago nahi baldin baduzu idatz iezaguzu info@errez.eus helbidera.