Zuk gu. Lan taldea.


Gu, Errez Koop. Elk. Txikia gara. 2018. urtearen hasieran sortu zen ingurumen proiektu bat. Ekimen honek, Euskal Herrian basogintzak, eta oro har ingurugiroak, bizi duen egoerari irtenbide ezberdin bat ematea du helburu. Basoek, klimak, bioaniztasun galerak eta espezie exotiko inbaditzaileek arduratzen gaituzte batez ere, baina gizarteak ere bai. Eta, guk, ingurumenaren kudeaketa egin dugu gure ogibide.

Errez hitzak esan nahi hirukoitza du euskaraz. Lehenik, erraztasunez egiten denari esaten zaio, eta gu, aurkezten zaizkigun arazo edo planteamendu ezberdinei erantzun errazak ematen saiatzen gara. Erretzearen ekintzari ere errez esaten zaio, eta guk kudeaketa eredu klasikoak alboratuz, ekologia aplikatuan oinarritutako eredu ezberdinak garatzen ditugu. Azkenik, “R” hizkiz osatzen denari ere, errez esaten zaio. Neurri handi baten R deituriko estatistika lenguaia eta programazio ingurunea erabiliz, datuen analisiari arreta berezia eskaintzen diogu. Horrela, software aske eta erreproduzibleen bitartez, ekologia aplikatuaren teknologiak ustartzen ditugu.

Leire Mendiola Zabaleta

Legazpi, 1999


Nola argia, hala basoa


Biologian graduatu eta Biodibertsitate, Ekosistemen Funtzionamendu eta Kudeaketa masterra egin nuen EHUn. Graduan zehar Aranzadiko Botanika sailean praktikaldi bat burutu nuen Euskal Herriko eta Pirinioetako floraren kontserbazioan. Laborategi lanetan ere aritua naiz, EHUko Neurobiologia sailean. Master amaierako proiektua, berriz, BC3-n burutu dut. Bertan, baso talde-funtzional ezberdinen energia-disipazioa aztertu dut, baita, aldaketa globala dela eta gero eta ohikoagoak diren bero-olatuek disipazio estrategia hauek nola aldatzen dituzten ere.

Aitor Kortabarria Iparragirre

Bergara, 1995


Kudeatuz kontserbatu


Fraisoro eskolan burutu nituen basoa eta natur ingurumenaren kudeaketan teknikari ikasketak eta polonian izan nintzen praktiketan. Beranduago Artzai eskolako ikasketak ere burutu nituen Gomiztegin. Lotura estua daukat baserriarekin eta basoarekin, “kaletarra” izanik ere umetatik familiaren baserrian denbora asko igarotzeko eta lan egiteko zortea izan baitut. Nire ibilbide profesionala ere lehen sektoreari lotuta egon da gehienbat. Naturtzaindiarekin Alkiza eta Itsasondoko basoen kontserbazio maila aztertzen aritu nintzen, Portugalgo azores isletan laurisilba basoa eta “priolo” txori endemikoa berreskuratzeko lanetan; albaitari laguntzaile etab luze bat. Ibilbide honek lehen sektorearen eta naturaren kontserbazio eta kudeaketaren ikuspegi zabal bat eskeini dit.

Markel Arriolabengoa Martiarena

Aramaio, 1990


Zuhaitzak ezagutu basoa ikusteko


Derion (IMK), Natur eta Paisaia Baliabideen Antolaketa eta Kudeaketan Teknikari ikasketak amaitu ondoren, Baso Ingeniaritza gradua osatu nuen Madrilen (UPM, Espainia). Haapastensyrjän ere (Metla, Finlandia) izan naiz, baso arloko ikerketa institutuan ikasketak osatzen. Basogintzaren alorreko lanak, baso-langile zein ingeniari ikuspuntuetatik bizi izan ditut, eta honek, elkarrekiko urrunduegi dauden bi ikuspuntu bizitzeko aukera eman dit. Aramaioko Ibarran, bertan bizi den basa faunak, baso egitura desberdinak erabiltzeko egiten duen aukeraketa ikertu dut, eta ikerketa horretan metatutako irudiekin YouTube-n ikus daiteken “Aramaixoko bizilagun batzuk” dokumental laburra ere ekoiztu dut. Lanean ez nabilenean ere, basoa eta basoko biztanleak bixitatzen ibiltzen naiz maiz, izan oinez, txirrindu gainean edo hormetan gora nabilenean.

Iñaki Etxebeste Larrañaga

Arrasate, 1979


Ibiltzea ez da urratsak ematea


Iruñean biologia ikasketak bukatu ondoren, Norvegian, Gaztelan, Frantzian, Suedian eta NEIKERren garatu nuen nire ikerlari ibilbidea, beti ere basoari loturiko gaietan. Basogintza jasangarrian doktorea, baso ekologia kimiko, espazial eta aplikatuari loturiko gaiak landu ditut, baina batez ere baso izurrite eta espezie inbaditzaileen eragin eta kudeaketari begira. Datu analisian eta modelizazio estistikoan oinarritutako lanera ohitua, gaurdaino hogei bat ikerketa lan argitaratu ditut ikerketa aldizkaritan, bai eta kongresu eta zientzia bileretan berrogei parte hartzetik gora izan ere. Nire ikerlari ibilbidean, estatu eta atzerri mailako hainbat ikerketa proiektutan hartu dut parte eta bi doktoretza tesi zuzendu ditut. Basoari loturiko lanetan ez banabil, baratzean, familiarekin edo baserriko txokoren baten igarotzen dut denbora.