forEStoolbox: basoen kudeaketa jasangarria bermatzeko berrikuntza teknologikoa lantzeko proiektua arrakastaz amaitu da
2024-01-09Pro Silva basogintzari buruzko eskuliburua argitaratu dugu
Etenik gabeko estaldura mantentzen duen eta naturatik hurbilekoa den basogintza aurrera eramateko neurriak eta gomendioak biltzen duen eskuliburua ekainaren 20an aurkeztu genuen. Urkiolako parke naturaleko parketxean antolatutako ekitaldian 40 lagunetik gora bildu ginen. Ekitaldiak eskuliburuan azaltzen den basogintza ereduaren oinarri teoriko eta praktiko batzuk landu ziren.
CTFCko Mario Beltranen, NEIKEReko Nahia Gartziaren, BFAko Txomin Diaz eta Tantai eta Errez kooperatibetako Markel Arriolabengoa, Aitor Kortabarria eta Iñaki Etxebestek emandako azalpenak entzun ahal izan ziren. Pro Silva erakundeak eta honek ezarritako irizpideek duten eragina eta praktikara nola eraman izan ziren landutako gai nagusiak.
Izan ere, aurkeztutako eskuliburua Patrick Auquiere, Christine Sanchez eta Charles Debois, Valoniako Pro Silva erakundeko ordezkariek 2014an aurkeztutako “La Sylviculture Pro Silva en Wallonie, Mesure et recommandations du DNF” lanaren itzulpena da. Valonia eskualderako sortutako eskuliburu bat izan arren, Pro Silva erakundeko hainbat herrialdetako kideek aitortu izan diote erabilgarritasuna lan honi. Irlandako Pro Silvako kideek sustatutako ingleserarako itzulpenak liburua are gehiago hedatzea eragin du, eta gaur-gaurkoz naturatik hurbileko basogintzari buruzko eskuliburu garrantzitsuenetarikoan bilakatu da Europan zehar. Egitura sinple bati jarraiki, liburuak Pro Silva erakundeak emandako gomendioetan oinarritutako basogintza eredua praktikan jarri ahal izateko pausoz-pausoko azalpenak ematen ditu; argazki eta irudi argiak erabiliz, praktikan konplexuak izan daitezkeen erabakiak modu ulerterrazean azalduz.
Euskarazko itzulpen hau, momentu erabakigarrian dator. Izan ere, XXI. mendearen hasiera klima larrialdiak eta beronengandik bereizezina den biodibertsitatearen krisiak, ziurgabetasunak eta aldaketa globalak baldintzaturik hasi da, eta Euskal Herriko basoak ere, ezbairik gabe, bete-betean ari dira pairatzen prozesu hauen eragina. Izan ere, izurrite eta gaixotasunen gorakadak, baso jardueraren bideragarritasun ekonomiko eskasak, baso langileen lan-baldintza kaxkarrak eta segurtasun ezak, baso unaden tamaina txikiak, eta batik bat gaur egungo gizarteak duen basoarekiko paradigma erlazionalak ataka larrian dute jarria basogintza. Testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da egoeraren konplexutasuna barne-bilduko duen kudeaketa eredua jorratzea.
Basogintza arloko ikerlari gehientsuenek bat egiten dute Pro Silva basogintza elkarteak sustatutako kudeaketa ereduarekin, eta hainbatetan aipatzen dute ekosistema hauen ziurgabetasun mailari aurre egin ahal izateko, sistemen egokitzapen ahalmena bermatu beharra dagoela. Ahalmen honen oinarri-oinarrian kokatzen dira bioaniztasuna eta egitura konplexuak egituratzen dituzten prozesuak. Prozesu horiek dira, halaber, Pro Silvak basoen kudeaketarako baliatzen dituen tresna garrantzitsuenak. Eskuliburuaren helburua, baso-ekosistema zerbitzuen hobekuntza ardatz duen basogintza eredu honen oinarriak laburbiltzea da, baso-jabe, basogile zein hezitzaileek eskura izan dezaten.
Itzulpenean parte hartu dugun denok partekatu dugun erronka izan da eskuliburu hau euskaraz argitaratzea. Izan ere, basogintza jarduera instituzionalizatu zenetik Euskal Herrian gaztelaniaz eta frantsesez landu baitira jardueraren oinarri teorikoak. Praktikan aldiz, basoan, euskaraz jarduten dugu sektoreko pertsona askok. Honenbestez, biziki pozten gaitu Pro Silva basogintza ere euskaraz bizi ahal izateak.
Eskuliburuaren kopia fisikoa eskuratu nahi baldin baduzu idatzi info@errez.eus helbidera. Gure bulegora ere etorri zaitezke. Bestela liburuaren bertsio digitala esteka honetan deskarga dezakezu.