Lizarrak ura eskura
2020-09-15Landaketak
2020-10-05Izan ere, gereziondoak oso kalitate oneko zura sortzen du; gurean ekoiztu daitezkeenen artean onenetarikoa. Gainera, funtzio biologiko zein paisajistiko berezia betetzen duen zuhaitza ere bada; animaliek jan ditzaketen fruitu asko sortzen dituelako eta loraldi goiztiarrak paisaiari elementu ikusgarri bat ematen diolako.
Bertako gereziondoa Prunus avium L. da, ezagunetan ezagunena, gerezi goxoak ematen dituzten barietateak txertatzeko erabiltzen duguna. Aldiz, badaude gurean, genero bereko beste zenbait espezie ere. Halaber, oilarana (Prunus mahaleb L.) eta otsagereziondoa (Prunus padus L.). Gainera, hauetaz gain, bada azkenaldian gure basoetan ugaritzen ari den beste espezie bat ere; gereziondo amerikarra (Prunus serotina Ehrh.). Azken honek, inbaditzailea izanik, arazo ekologiko handiak sor ditzake.
Gereziondoa lur eta klima ezberdinetara moldatu daitekeen arren, baldintza hauetan moldatzen da ondoen:
- Lurra ez bada sakona, sustraiak azalekoagoak izango dira eta zuhaitza zaurgarriago egongo da lehorte eta haizeteen aurrean. Bestetik, lurra bustintsua bada, istiltzeko arriskua izango du, eta aretsuegia bada aldiz, ez die eligakaiei eta urari behar bezala eutsiko. Beraz, lur egokienak erdibidekoak dira. Aldi berean, zenbat eta beratsagoak izan, orduan eta hobeto.
- Gehienezko garaierari dagokionez, negu hotzek eta izozte beranduarrek ez diote kalte berezirik eragiten gereziondoari. Aldiz, elur jasa handiei ez die ondo eusten, eta hau da beraz, gehienezko garaiera zehazten duen aldagaia.
- Ez du berebiziko ur beharrik, baina ez duenez lehorterik jasaten, prezipitazioak urtean zehar ongi banatuta egon behar dute.
Baldintza egokienak aran barrenetan eta ipar eta mendebaldeko magaletan ematen dira batez ere.
Gaixotasun eta izurriteei dagokienez, aipatzekoa da gereziondoaren zaurgarritasuna. Izan ere, espezie hau zaurgarria da intsektu, onddo eta bakterien aurrean. Hala ere, kalteak asko gutxitu daitezke landareak eta lurra ongi aukeratzen badira. Gainera, espezie honekin ere, ez da bat ere gomendagarria espezie bakarreko landaketak egitea; askoz ahulagoa bilakatzen baita.
Bestalde, zauriak isteko gaitasun makala duenez, inausketak egiterako orduan kontu handia izan behar da; udaran eta urtero egitea komeni da, ahalik eta zauri txikienak egiteko. Inausketak ezin badira urtero egin, maiztasun txikiagoarekin ere egin daitezke, baina inausi beharreko adarrak ezin dira inoiz 3 cm-ko lodierara iritsi. Beraz, urtero beheko maila inausteaz gain, goragokoen %25-50 ere inausita mantentzea komeni; 3 cm-ko lodierara iritsi ez daitezen.
Inausketak eta bestelako zaintza lanak baso egonkortu batek bere kabuz egingo lituzkeen lanak imitatzeko ahaleginak besterik ez dira. Esan beharrik ez dago, edozein zuhaitz espezieren babeserako bermerik handiena basoa dela. Honenbestez, ekosistema konplexuak sortzen baditugu, basoak berak emango dio zuhaitz gazteari honek jaso ahal duen zaintzarik egokiena.