Baso kudeaketa baso ekologiaren begietan: konplexutasuna kudeatzen
2020-06-29Ume bat, gereziondo bat
2020-09-28Ur faltarik ez duen bitartean, abiadura bizian haziko da lizarra. Hain da azkarra, 40 urteren buruan garatu baitezake 50cm-ko diametrodun gerria. Aise konformatzen den zuhaitza da, eta ia lurrik ez dagoen lekuetan ere hazi daiteke, baita artearen kide izatera iristeraino ere. Baina harik eta lur sakonagoa izan, orduan eta indar handiagoz hasiko da.
Lizar arruntaren egurrak balio ekonomiko handia du. Gainera, zuhaitzak berak funtzio ekologiko garrantzitsua betetzen du basoan; hegazti hazijaleen eta katagorrien jaki baitira lizarraren haziak. Hori gutxi balitz, ganaduaren bazka ere bada lizarra; udazkenean, hostoa berde duela, adarrak moztu eta negurako gordetzen dira.
Kalitatezko egurra ekoiztu nahi bada, irizpide hauek izan behar dira kontuan:
- Lizarra lur sakonean hasten da ondoen, maila freatikorainokoetan, baina ez ditu lur istilduak onartzen. Bestalde, arestian aipatu bezala, ez du lehorterik jasaten.
- Beste espezie gehienak bezala, lokatz lurrak maite ditu; buztintsuegiak edo hareatsuegiak ez ditu gustoko.
- Ez du kare aktiboarekiko sentsibilitate handiegirik eta nahiago ditu lur neutroak, ez azidoegiak ezta basikoegiak ere.
- Tenperaturari dagokionez, ondo jasaten ditu neguko izozteak. Aldiz, izozte berantiarrek kalte egin diezaiokete, kimu nagusia errez.
- Gereziondoaren (Prunus avium L.) behar antzerakoak dituen zuhaitza denez eta familia ezberdinekoak direnez, konbinazio aproposa sortzen da bihak batera landatzen direnean.
Gaixotasunei dagokienez, “Chalara fraxinea” izenekoa da (Hymenoscyphus fraxineus Baral et al. (2014)) lizarraren mehatxu handienetakoa, edozein adineko zuhaitzak hiltzeko gai den onddoa. Europa aldean oso zabaldua dagoen gaitza da, eta posible da laster gurean ere izatea. Dena den, erresuma batuan egin dituzten ikerketek erakusten dutenaren arabera, genotipo erresistenteak aurkitzeko aukera ikusi da. Edozein modutan, lizarraren kasuan ere, ez da bat ere gomendagarria espezie bakarreko landaketak egitea.
Bestalde, txankroak ere eragiten dio lizarrari; Pseudomonas syringae bakteriak edo Nectria galligena onddoak sortutakoak. Gaitz hau aldiz, zuhaitza gaizki dagoenean agertzen da; lekura egokituta ez dagoenean edo dentsitate handiegian landatu denean. Azkenik, mozketa epeak 70 urtetik gorakoak direnean, egurraren kalitatea jeisten duen “bihotz beltza” delako gaitza agertzeko aukerak ere handitu egiten dira.
Zalantzarik gabe, basogintzara begira, oso zuhaitz interesgarria da lizarra.