Estazio meteorologikoak
2020-06-23Lizarrak ura eskura
2020-09-15Baina karbotsa latz, gaztain bihia beratz.
Zuraren ekoizpena izan da azken mendeetan baso kudeaketaren, edo basogintzaren ardatz nagusia. Gizakiaren lehengai beharrak gora eta gora egin ahala baso ekosistemen zaurgarritasuna agerian geratu da. Hauskortasun honen erakusle dira ere berezkotzat eman izan diren beste baliabide batzuen eskasia, adibidez baliabide mikologikoena. Basoan bizi diren izakiak, eta beraien ingurunearekin duten harremana, ekosistema hauetan garatzen diren prozesuak eta espezieak, habitata eta prozesuen arteko loturak ikertzen ditu baso ekologiak. Basogintza eta baso ekologia aplikatuaren jakintza esparruak biltzen ditugu Errez Kooperatiba Elkarte Txikian. Horrela bakarrik bermatu ahal izango bait da basoek baliabide naturalak modu jasangarrian ekoiztea.
Basogintza da baso kudeaketa eta ekologiaren elkargunea
Natur baliabideen urritasunak bultzatu izan du gizakia milaka urtetan hauen erabilera eta ekoizpena kudeatzera. Eredu ekonomikoak aldatuz joan diren heinean ekoizpen ereduak ere aldatzen joan dira. Ereduen arteko desberdintasunak, eredu bakoitzaren aldeko eta kontrako ezaugarriak, metatzen joan dira historian zehar, jakintza esparru bilakatu arte. Ekonomia eta ekologia zientzien etimologiek oso agerian dute baliabideen kudeaketarekiko harremana. Oikos, “etxe” da grekeraz; nemein, “kudeatu” eta logia, “ikertu”.
Basogintzak ere bide beretik eman ditu urratsak. Jakintza esparru honen sorrera XVII. mende amaieran kokatu oi da Alemanian. Garai hartan, Europa zaharreko beste herrialde askotan bezala, egur eta bere eratorrien eskasia handia pairatzen ari ziren Alemanian. Eskasia horri aurre egiteko baso kudeaketa eredu desberdinak garatu ziren, denboraz, basogintza lantzen zuten lehen lan-ildo eta eskoletan egonkortu zirelarik. Basoak antolatzeko eta kudeatzeko jakintzak, arautuz eta estandarizatuz joan dira munduan zehar urtez urte, gaur eguneko egoerara iritsi arte, non basogintzak berezko jakintza esparru bat osatzen duen.
Crítica de la Silvicultura: El manejo de la complejidad liburuan modu bikainean azaltzen den bezala, XXI. mendeko basogintzak orain arte agerian gertatu ez den erronka handi bat du esku artean. Zein?
Erronka, basoak modu jasangarrian kudeatuz zura, su-egurra eta beste ohiko hornidura zerbitzuak ekoizten jarraitzea da, baina ekosistemaren funtzionamendua, erresilientzia eta biodibertsitatea bermatuz. Horretarako beharrezkoa da baso ekosistema osotasunean behatzea, basoa osatzen duten indibiduoetatik haratago.
Globalizazioak eta berokuntza globalak, baso ekosistemak ere ataka esturantz daramatzate. Egokitzapena bizitzaren ezaugarri garrantzitsuenetariko bat da. Errez Kooperatiba Elkarte Txikian egokitzapen basogintzaren ildoaren jarraitzaile gara. Estaldura jarraia eta dibertsitate espezifiko eta estrukturalak dira gure aukerazko basoen ezaugarri nagusiak. Horrela, #bestelakobasogintza baten alde ari gara lanean.