Bisita gidatua Aramaioko Amillenarekin
2018-11-18Bisita gidatuak Aramaioko biztanleekin
2020-04-24Proiektu honen helburua, Aramaioko Salaberri hariztiaren egoera hobetu eta herritarrei basoa eta honen dinamika ekologikoak ezagutzeko aukera ematea izan da, baso kudeaketa ezberdinak ulertzeko oinarri bat eskainiz.
Harizti hau, gure euskalkian agestoi, Salaberri familiak herritarren esku uztea erabaki zuen azalera txikiko baso bat da. Dohaitza, 2015. urtean eman zen, eta Aramaioko Udalak basoa babesteko konpromisoa hartu zuen. 2019. urtean, Errez kooperatibari esleitu zitzaion “Salaberri agestoixe” proiektua garatzea. IHOBEk emandako diru laguntzaren bultzadarekin habitat honen hobekuntzarako zenbait ekintza burutu dira. Besteak beste, basa faunaren jarraipena (Ikusi YouTube-ko Salaberri agestoixe zerrenda), haritz lepatu zaharren gaztetzerako ekintzak eta interpretaziorako ibilbide autogidatua.
Egun, irekita dago bisitari ororentzat, eta nahi duen oro gerturatu daiteke eremu natural hau bisitatzera. Salaberri agestoira gerturatzen denak, basoaren historia ezagutu ahal izango du; nola sortu den eta zein bilakaera izan duen. Gainera, aurrerantzean izango duen bilakaera ikusteko eta ulertzeko, lau esparru ezberdin prestatu dira; erritmo naturalak jarraituko dituen eremua, “Pro Silva” baso kudeaketa filosofia jarraitu den eremua, erabilera tradizionaleko eremua eta aisialdi gunea.
Edozein urtarotan bisitatu daiteke baso hau, irisgarritasun ona du eta ibilbide osoa ordu betean egin daiteke. Bertaratu zaitez eta ezagutu Salaberri agestoiko proiektua.